Uribe Kostako Bertsolari Txapelketaren finala

Ukberri.net gunetik hartua.

Finala osorik:

Joneren azken agurra:

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean

Masterra, bederatzigarren irakaspena: erabili teknologia berriak

Comunicación móvil y sociedad liburuaren egileek argi dituzte honako puntuak:

– Sare mugikorrek eta teknologia multimediek gaur egungo sare handienak osatzen dituzte. Elkarrekintzarako tresna berriek komunikazio bide berriak garatu dituzte, batik bat gazteen artean. Wifi sareak, telefono mugikorren bidezkoak… sare berri horiek guztiak pixkanaka-pixkanaka identifikatu behar dira, baita ekarriko dituzten ezaugarri nagusiak aztertu ere.

– Autonomia segurua bermatzen diete gazteei, haririk gabeko sareek eskaintza zabala ekarri baitute.

– Konektagarritasun iraunkorra ere sare berrien gakoa da: zehazki, estrategikoki interesgarriagoa da ohiko biziguneetan konektagarritasuna izatea ezohiko tokietako konektagarritasun apala baino.

– Sareen hautaketa: komunikazio eredu mugikorrek sare sozialak eta bestelakoak garatu dituzte komunikazioa mantentzeko. Horrek baditu alde onak eta txarrak: komunikazioaren dentsitatea eta intentsitatea hauta daitezkeen arren, sozialki eta instituzionalki baldintzatuta segitzen dute komunikazio-ekintzek.

– Bat-bateko praktika komunitateak: behin-behineko ekintzek edo aldi baterako mugimenduek euren ekimenak praktikan jartzeko gero eta sarriago erabiltzen dituzte sare mota hauek. Horretarako, ordea, sare horiek balioek bat etorri behar dute zabaldu nahi den mezuarekin.

– Sare mobilek edo haririk gabekoek denboraren eta espazioaren eragina desegiten dute, eta testuinguru sozialaren eragina bera desitxuratu egiten dute. Izan ere, komunikazioa bilaterala da hasieran baina potentzialki noranzko askotarikoa izan daiteke, eta horren ondorioz, komunikazio-ekintza noiz eta nola (baita zer kontestutan) gauzatuko den esatea oso zaila da.

– Sare mobiletara jotzea eskubide sozial bihurtu da, baita norberaren balio pertsonala garatzeko bide ere.

– Erabiltzaileak dira produktuen eta zerbitzuen sortzaileak

– Kontsumismoak eta modak eragin zuzena izan arren sare mobiletan, autoekin gertatzen den egoera errepikatzen da kasu honetan: badu eragina, baina tresnaren erabilera eta balio funtzionala argiak dira.

– Hizkuntza eredu berriak sortu dira: SMS eta MMS, besteak beste.

– Maila desberdinetako sareek komunikazioaren, informazio-sareen eta aldaketa soziopolitikoaren autonomia bultzatzen dute.

– Testuinguru soziotekniko bakoitzak arazo sozial espezifikoak eragiten ditu: egungo sisteman, esaterako, mugak ezartzea arazo bihurtu da sare sozialetan.

– Sare bidezko komunikazioak sare egituran oinarritutako gizartearen plataforma teknologikoa indartzen du. Horri esker sortzen dira langile mobilak, bulego mobilak, produkzioaren deszentralizazioa…

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean

Masterra, zortzigarren irakaspena: ohikoan eragin eta ezohikoa landu

Txema Ramirez de la Piscinak Gizarte Mugimenduak plaza nagusian lanean ideia nagusi hauek azaltzen ditu:

1. Gizarte-mugimendu berriak esfera publiko alternatiboa egunez egun gauzatzen ari diren errealitatea da. Masa-hedabideetatik eratortzen diren iritzi-korronte nagusietatik at eraikitzen ari den esparrua da, etengabe hedatzen ari dena.

2. Gizarte-mugimendu hauek teknologia berrietan ezinbesteko aliatua topatu dute, Internet sarean bereziki. Euren jomugak lortze aldera, erreminta hauek lagungarriak gertatzen ari dira. Eraldaketa sozialerako ere lanabes aproposak dira.

3. Historikoki, masa-hedabideek EDA -Ezkutatu, Deslegitimatu, Asimilatu- taktika erabili dute gizarte-mugimenduekin. Erakunde hauen kontraerasoa eta erronka IBI -Irudimena, Berrikuntza, Idiosinkrasia- formularen aplikazioan datza (EDA vs IBI).

4. Ikus-entzunezkoaren kultura eta apustu teknologikoa nagusi diren garai hauetan, bozeramilearen irudiak protagonismo berezia hartu du. Gizarte-mugimenduek komunikatzaile onak behar dituzte, sintesia egiteko gai diren gizon-emakumeak, kazetari zail samarrekin aritzeko trebetasuna duten pertsonak. Bozeramaileen trebakuntza esfera publikoan, plaza nagusian, jarduteko tresna egokia da.

5. Gizarte mugimendu berriek, masa-hedabideen arreta piztu ahal izateko, transgresioan oinarritutako formulak erabili beharko dituzte, sarritan; ausardia eta irudimena nahasten dituzten proposamen komunikatiboak. Metodo horien bidez errazago egingo zaie hedabide nagusiek normalean eman izan ohi dieten trataera eskasa gainditzea.

6. Teknologia berrien eta gizarte-mugimenduen arteko bat-egiteak hirugarren eremu komunikatiboa sorrarazi du. Esparru hibridoa da. Berton, kultura nagusiaren eta underground espazioaren elementuak nahasten dira. Komunikazio alternatiboak bat-egite horretan topatu du marjinaltasuna gainditzeko aukera, baita hartzaile-talde zabaletara iristeko ahalmena ere.

7. Aurrera begira, gizarte-mugimenduek erronka bikoitza dute: ohiko masa-hedabideetan eragina bilatu eta berariazko komunikabide alternatiboak landu. Biak ala biak ezinbestekoak dira mugimenduaren beraren iraupenerako.

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean

Masterra, zazpigarren irakaspena: nolako hezkuntza, halako komunikazioa

Kaplunek, Una Pedagogía de la Comunicación liburuan, azpimarratzen duen lehen ideia hezkuntzarena da. Nolakoa hezkuntza eredua, halako komunikazioa egongo da gizartean:

– Hezkuntza eredu exogenoa: subjektua bere baitan txertatu gabe, hezkuntzak berak du garrantzia, objektua lehenesten da. Edukiak dira nagusi.

– Hezkuntza eredu endogenoa: subjektua hezkuntzaren baitan txertatuta dago, eta garrantzitsuena berau da. Prozesuak dira nagusi.

Alde horretatik, eredu endogenoak bultzatu behar dira, egitura horizontalekoak, ikasleak eta irakasleak maila bereko mintzaide izan daitezen. Helburua ikasleak ikastea da, bakarrizketarik egon gabe eta elkarrizketa sustatuz.

ENFASIA EFEKTUETAN

Eredu bien historia laburra azaldu ondoren, lehenbizikoari konduktibismo (edo behaviorism, ingelesez) deitzen dio, aldez aurretik ezarritako helburu batzuekiko jarrera batzuk eragin nahi baititu. Konduktibismoak ohitura hartzen du oinarri, eta ohitura sarian oinarritzen da: zerbait egiteko ohitura izanez gero, saria jasoko dugu. Era berean, hezkuntza eredu horrek gatazka edo desadostasun oro ukatu egiten du: lortu nahi den helburuaren aldeko saria azpimarratu egingo du kasu horietan. Hortaz, ez dago aukera askatasunik.

Eredu hori oso presente dago hedabide masiboetan, publizitate-tekniketan eta propaganda politikoetan, besteak beste. Ikasleak zerbait egitea nahi du, eta ohitu egingo du horretara; irakasleak programatu egingo du eta atazak jakin batzuk betetzera ohituko du.

ENFASIA PROZESUAN

Ekintza-gogoeta-ekintza katean oinarritzen da eredu hau. Kasu honetan, helburua subjektuak pentsatzea da. Arazoetan oinarritutako hezkuntza eredua da: zerbait gertatu da; horrek gogoeta eragingo die ikasleei; ondorioz, zer egin hausnartu ondoren, hori berori egingo dute. Ereduak ez du onartzen ikasle eta irakasleen arteko maila desberdintasunik eta egokia da giza garapenerako. Hala ere, teknikak edo abileziak irakatsi behar direnean, ez da oso baliagarria. Hortik ondoriozta daiteke eredu hau eta aurrekoa uztartzean dagoela gakoa.

ZER DA KOMUNIKAZIOA?

Komunikazioa da kooperazio mentaleko prozesu bat, norbanako bi edo gehiago kontzientzia komun batera iris daitezen. Komunikazio horizontaleko eredu berrietan ez dago igorlerik eta hartzailerik, biak mintzaide dira, mintzaldiko kideak.

MINTZAIDEAK

Freinetek, bere esperientzian oinarrituta, ondorio hauek atera zituen: ikasleak ezagutzaz jabetzeko ezinbestekoa da mintzaide gisa instituitzea. Euren ikasketa prozesua izugarri hobetzen da produktu komunikagarriak eta ondo komunikatuak sortzeari esker. Era berean, heztea baldin bada komunikazio fluxu ugariko sare batean murgiltzea, zenbat eta fluxu kopuru handiagoa zabaltzeko gai izan, orduan eta aberatsagoa izango da sare hori.

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean

Masterra, seigarren irakaspena: iraultza ezinbestekoa da

John Hollowayk idatzitako Cambiar el mundo sin tomar el poder liburuan hiru atal hauek azterrarazi dizkigu Txema Ramirez de la Piscinak:

1) SUBJEKTU KRITIKO-IRAULTZAILEA:

Hollowayren arabera, gizartearekin dugun esperientzia txarrak garamatza kritikoak izatera. Ikuspegi sozialista batetik (eredu marxista oinarri harturik), langilea bere lanaren jabe ez denetik iraultza etor daiteke, eta matxinadarako bidea kritika da. Subjektua definitzeak ondorio nagusi bi dakartza: langilearen birdefinizioa (mugimendu feminista langileen mugimendua da?) eta bere borrokaren norabidea. Langileek multzo bat osatzen dute eta talde hori automatikoki kapitalaren subordinazioaren aurkakoa da, jatorri edo posizio hori izan arren bere definizioaren oinarria. Neurri batean, pentsa liteke bere buruaren ukazioa dela langilearen definizioaren emaitza. Klaseen arteko borroka gizakiaren baitakoa da. Denak existitzen gara gatazka horretan, gatazka gu guztiongan existitzen delako. Klaseen arteko antagonismoa gure baitan dago eta gure barrua deseginez bizi da. Produkzioak areagotu egiten du klaseen arteko diferentzia: langileek sortzen duten plusbaliak kapitaletik urrundu egiten ditu. Beraz, produkzio industriala indar zentrifugoa da langileen eta kapitalaren artean. Subjektu kritiko-iraultzailea zer indefinitu eta definiezina da. Aurka-oihuaren eta egin ahalaren batasunari “duintasuna” deitzen diote mugimendu zapatistan, deshumanizatzen gaituen indar ororen errefusa.

2) ANTIBOTEREAREN ERREALITATE MATERIALA:

Benetan existitzen da antiboterea? Potentzialki existitu daiteke? Zein da oihu egiten dugunon oihuaren indarra?

3) IRAULTZA?

Krisia kapitalismoaren erlazio sozialen desintegrazioa bada, iraultza krisiaren intentsifikazioa da. Krisiaren indar mugiarazlea askatasunerako bultzada da, kapitalaren eta gizatasunaren elkarren aurkako indarra. Kapitalismoak bizirik irauteko ezinbestekoa du ihes egiten dutenak harrapatzea; horretarako jabegoa erabiltzen du: “egin nahi duzuna, baina zure jabegoko tokian”. Kapitalari ihes egiteko ez da nahikoa ihes egite hutsa. Kapitalismoaren aurkako oihuak egin ahalean oinarritu behar du: beharrezkoa da oihu hori ekintza potentzial bihurtu ahal izatea. Politika iraultzailea (antipolitika, bestela esanda) bere aberastasun mugaezinean ezeztatutakoaren afirmazio esplizitua da. Gizartean zapatisten “duintasuna” lortzen ahalegindu behar du. Eztabaida irekita gelditzen da.

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean

Masterra, bosgarren irakaspena: erretorikan oinarritu

Joxerra Garziak idatzitako Jendaurrean Hizlari liburua euskaraz ahozkotasuna lantzen duen liburu mardulena da. Pentsaezina eman lezake gizakiari hizketan erakutsi beharrak, arrainak igerian bezala jakin behar bailuke hanka bikoak mintzatzen, baina ez da hala. Garziak metodo ariketaz eta bibliografia osagarriz jantzitako lana ondu du, batik bat idatzizkotik ahozkora salto egin behar dutenen mesedetan. Txema Ramirez de la Piscinak aztergai emandako lehen atalean, Garzia goiko taulez baliatzen da ahozko komunikazioaren hatsarreak azaltzeko. Lau ideia nagusi atera daitezke lehen ataletik; lehen hirurak goiko taulekin erlazionatuta daude, eta azkenak ez du irudirik:

1) Diskurtsoak egoeraren arabera:

Esanak eta esateko moduak zeharo aldatzen dira baldin eta publikoak ikusten ez bagaitu; John Foley Missouri Columbiako unibertsitateko irakaslearekin partzialki bat eginik, ahozko diskurtsoen sailkapena mezua jasotzeko sisteman oinarritzen du, Foleyk hiru pauso zehaztuagatik: sortzea, ematea eta jasotzea.

2) Erretorikaren alorrak:

Greziarrek garatutako erretorikaren protokoloa baliagarri da gaur egun ere. Kontua komunikazioa protokolizatzea da: pentsatu, antolatu, hitzak hautatu, gogoangarri egin eta jendaurrean eman. Guztien lotura INTELLECTIO da, teorian baino ezin bana daitezkeen pausoak praktikan egokitzen dituen osmosi-tresna.

3) Diskurtsogintzaren bost alorrak:

Testuak idatziek ez dute memoria (gogoangarri egin beharrik) edo actiorik (performatu beharrik). Inventio, Dispositio eta Elocutiok diskurtso idatzia osatzen dute.

4) Xedea xede:

Diskurtsoaren helburua argi izatea da garrantzitsuena: zertarako hitz egiten dugun, zer lortu nahi dugun… horrek erabat baldintzatuko digu diskurtsoa, eta aldi berean erabili beharreko tresna egokienak zein diren aurreikusten lagunduko digu.

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean

Genuinitatea

Azken hamar egunotan hizkuntzaren gaineko hiru jardunaldi izan dira Euskal Herrian: Corpusgintza gaur egun mintegia, Zuzentzailea eta testua aurrez aurre eta Ugarteburu Terminologia Jardunaldiak. Hizkuntza errumiatzea, beraz, modan dago. Palestinoa eramatea bezain modakoa da euskaraz gogoeta egitea: demode izendatzear dagoenean, beti azaltzen da abangoardista edo vintage zaleren bat. Nik neuk, ordea, sentitzen dut gai honetan ipurdia bipilduta dudala. Izan ere, beti iristen naiz leku berera: euskara zuzena, egokia eta jatorra izan daiteke. 1) Zuzena da Euskaltzaindiak dioena. 2) Egokitasuna da… bai, adibideen bitartez denok ulertu arren, inork definitu ezin dezakeen parametro hori. 3) Eta jatorra… Hasieran denak omen gara jatorrak, lehen bistadizoan, lehen hizketaldian… baina euskararen kasuan, jatortasuna jaiotzetiko dohaina da, euskaldun zaharren deiaren komodina eta haurtzaindegian hezitako euskaldun berrioi sekula egokituko ez zaigun pedigria. Jatortasuna bluetootha bezalakoa da: ez bazaude konektatuta, ezin duzu sumatu. Arraza arioak gure akatsak zerrendatu eta liburuak egiten ditu: Kalko okerrak. Gutako batzuk oraindik zain daude Kalko Zuzenak noiz kaleratuko. Izan ere, guk ezin esan dezakegu  “gure etxean horrela esaten da” edo “gure amamak sarritan erabiltzen zuen”, euskararen partxisari arauak aldatu nahi dizkiogunean. Scatergorisa ez da gurea… eta punto. Jaiureztatzaile totalak gara. Gainera, eleaniztasuna are frustranteagoa da gure kasuan: gaztelaniaz ez dago jatortasunik, gure amonaren hitzek ez dute erdaltzainik beldurtuko. Genuinitaterik ez Sabinaren hizkuntzan. Arazoa da gero eta ingenuo gehiago bizi garela euskal dimentsioan: gero eta gehiago gara etxerako modukoak garela etxetik kanpo ikasi behar izan dugunak. Beraz, has gaitezen jatorrak izateko baliabideak sortzen, Euskal Herria euskaldun zaharrez eta zakarrez bete ez dezagun.

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean

Bizkaie agerkari digitalaren azterketa

EHUk eta EITBk lankidetzan antolatutako Multimedia Komunikazio Masterraren baitan, Multimedia testuen estrategia linguistikoak izeneko moduluan, hedabide multimedia eta digitalen alderdi soziolinguistiko eta funtzional esanguratsuenak aztertu ditugu. Hizkuntza handiagoenean ez bezala, euskararen tamainako ele gutxituen kasuan ezinbestekoa da euren ezagutza sustatzeko eta erabilera hedatzeko normalizazio-estrategien eragile bihurtzea informazioa sarearen bidez zabaldu nahi duten hedabideak.

Niri Bizkaie agerkari digitala aztertzea egokitu zait. Hauxe da nire hondar alea:

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean

Masterra, laugarren irakaspena: gogoeta sistematikoa egin

Txema Ramirez de la Piscinaren Ikus gaitzazuen liburuak entziklopedia subjektiboa dirudi, irakasle-idazleak mamitutako definizio eta gogoetaz janzten baitira lerroalde luzeen hasieran agertzen diren hitz letra-lodiak. Hori dela eta (eta sarrera horietariko bat sintesi-ahalmena izanik), neronek ere laburpen poetiko-literarioa egingo diot liburuaren hasierako irakurgaiari, luze samarra atera arren.

Bidea.

Hartzaile denak mezu

opakoz itota

bidebakarra ez al da

erlazio mota?

Bestela “esatea”

izanik erronka

mezua gakoa da;

bidea, borroka.

Lenin.

Azpikoa nagusi

jartzen baldin bada

eta agintzen badu

lehengoen erara,

justizia pixka bat

egin arren, hara

bata bestea baino

hobea ez da ba!

Granma.

Kuban hobe lukete

hauxe hausnartzea:

komunikatzea ez da

adoktrinatzea.

Irakurtzen jarraitu

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean

Masterra, hirugarren irakaspena: Ezberdin komunikatu

Txema Ramirez de la Piscinak argi du beste komunikazio eredu bat posible dela. Hori frogatzeko, lau komunikazio-sistema aztertu ditu Otro Modelo de Comunicación es posible artikuluan. Adibideotan sartu aurretik, ordea, egun nagusi den eredua definitzen du:

– Botereak ez ditu komunikabideak kontrolatzen: Komunikabideak boterearen parte dira.

– Gizarteak onartuta dauka komunikabideak boterearen parte direla.

– Hauek dira eredu nagusi horri aurre egitera ausartu diren lau eredu:

1) Zapatisten mugimendua:

AEB, Mexiko eta Kanadak Komertzio Askearen Hitzarmena sinatu zuten egun berean (1994ko urtarrilaren 1ean), mugimendu zapatistak Chiapaseko estatuko hainbat herrixka kontrolpean hartu zituen, inork espero ez zuenean, eta globalizazioaren tresnak erabili zituen globalizazioaren aurka. Komunikabideak dira neoliberalismoaren arma nagusiak eta euren kontra erabiltzea izan zen arrakastarako gakoa, hizkuntza ulerterraz, kode berritzaile eta identitate defentsibo tinkoarekin batera.

2) Martxoaren 11ko atentatuen erreakzioak:

2004ko martxoaren 11n bertan Europak jakin arren Al Qaeda zela 191 pertsona hil zituen atentatuaren egilea, Jose Maria Aznar orduko Gobernuko presidenteak estatuko komunikabideak manipulatu zituen sarraskia ETAri egotziz. Alderdi Popularreko kidearen ezusterako, SMS bidezko mezuek, Internetek eta informazio-kate bizkorrek egia zabaldu zuten hauteskundeen bezperarako. Erraz egituratu eta erraz desegin zen mugimendu hari esker, Alderdi Sozialistak segitzen du ordutik Moncloan.

3) 2002ko Venezuelako gertakariak:

Hugo Chavezen aurkako kolpe militar, politiko eta ekonomikoa alferrikakoa izan zen fax eta fotokopia pila baten ondorioz. Venezuelako talde antolatu batek ez zuen maite Chavez presidentearen herri xume zaletasuna eta haren aldeko politika. Nazioartea ere alde zuen kolpea emandako taldeak, baina Hugo Chavezek eskuz idatzitako mezu labur bat helarazi zion herriari eta herritarrek fax eta fotokopiagailu bidez zabaldu zuten. Internet eta irratien laguntzari esker, herriak ez zuen aldaketa onartu.

4) Interneteko gune alternatiboak:

Gizartea ez da hedabide bakarraz fio; ez dago egia bakarrik, izate absoluturik. Hori dela eta, munduan gertakari esanguratsuak izaten diren bakoitzean, gero eta ohikoagoa da informazio ofizial globala bezain garrantzitsua izatea bestelako informazioa, bide ofizialarekin bat ez datorrena. Halere, bide alternatibo horiek ere ez dira guztiz fidagarriak, komunikazioaren boterea boterearen komunikazioa izan daitekeelako.

Lau adibideak bat eginik, bestelako komunikazio-eredua:

– partehartzailea izango da;

– masiboa izango da;

– komunikazio-ekintzaren parametroak erabat hautsiko ditu;

– eta transgreditu>hausnartu>jardun prozeduran oinarrituko da.

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean