Masterra, zortzigarren irakaspena: ohikoan eragin eta ezohikoa landu

Txema Ramirez de la Piscinak Gizarte Mugimenduak plaza nagusian lanean ideia nagusi hauek azaltzen ditu:

1. Gizarte-mugimendu berriak esfera publiko alternatiboa egunez egun gauzatzen ari diren errealitatea da. Masa-hedabideetatik eratortzen diren iritzi-korronte nagusietatik at eraikitzen ari den esparrua da, etengabe hedatzen ari dena.

2. Gizarte-mugimendu hauek teknologia berrietan ezinbesteko aliatua topatu dute, Internet sarean bereziki. Euren jomugak lortze aldera, erreminta hauek lagungarriak gertatzen ari dira. Eraldaketa sozialerako ere lanabes aproposak dira.

3. Historikoki, masa-hedabideek EDA -Ezkutatu, Deslegitimatu, Asimilatu- taktika erabili dute gizarte-mugimenduekin. Erakunde hauen kontraerasoa eta erronka IBI -Irudimena, Berrikuntza, Idiosinkrasia- formularen aplikazioan datza (EDA vs IBI).

4. Ikus-entzunezkoaren kultura eta apustu teknologikoa nagusi diren garai hauetan, bozeramilearen irudiak protagonismo berezia hartu du. Gizarte-mugimenduek komunikatzaile onak behar dituzte, sintesia egiteko gai diren gizon-emakumeak, kazetari zail samarrekin aritzeko trebetasuna duten pertsonak. Bozeramaileen trebakuntza esfera publikoan, plaza nagusian, jarduteko tresna egokia da.

5. Gizarte mugimendu berriek, masa-hedabideen arreta piztu ahal izateko, transgresioan oinarritutako formulak erabili beharko dituzte, sarritan; ausardia eta irudimena nahasten dituzten proposamen komunikatiboak. Metodo horien bidez errazago egingo zaie hedabide nagusiek normalean eman izan ohi dieten trataera eskasa gainditzea.

6. Teknologia berrien eta gizarte-mugimenduen arteko bat-egiteak hirugarren eremu komunikatiboa sorrarazi du. Esparru hibridoa da. Berton, kultura nagusiaren eta underground espazioaren elementuak nahasten dira. Komunikazio alternatiboak bat-egite horretan topatu du marjinaltasuna gainditzeko aukera, baita hartzaile-talde zabaletara iristeko ahalmena ere.

7. Aurrera begira, gizarte-mugimenduek erronka bikoitza dute: ohiko masa-hedabideetan eragina bilatu eta berariazko komunikabide alternatiboak landu. Biak ala biak ezinbestekoak dira mugimenduaren beraren iraupenerako.

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean

Utzi iruzkina