Masterra, zazpigarren irakaspena: nolako hezkuntza, halako komunikazioa

Kaplunek, Una Pedagogía de la Comunicación liburuan, azpimarratzen duen lehen ideia hezkuntzarena da. Nolakoa hezkuntza eredua, halako komunikazioa egongo da gizartean:

– Hezkuntza eredu exogenoa: subjektua bere baitan txertatu gabe, hezkuntzak berak du garrantzia, objektua lehenesten da. Edukiak dira nagusi.

– Hezkuntza eredu endogenoa: subjektua hezkuntzaren baitan txertatuta dago, eta garrantzitsuena berau da. Prozesuak dira nagusi.

Alde horretatik, eredu endogenoak bultzatu behar dira, egitura horizontalekoak, ikasleak eta irakasleak maila bereko mintzaide izan daitezen. Helburua ikasleak ikastea da, bakarrizketarik egon gabe eta elkarrizketa sustatuz.

ENFASIA EFEKTUETAN

Eredu bien historia laburra azaldu ondoren, lehenbizikoari konduktibismo (edo behaviorism, ingelesez) deitzen dio, aldez aurretik ezarritako helburu batzuekiko jarrera batzuk eragin nahi baititu. Konduktibismoak ohitura hartzen du oinarri, eta ohitura sarian oinarritzen da: zerbait egiteko ohitura izanez gero, saria jasoko dugu. Era berean, hezkuntza eredu horrek gatazka edo desadostasun oro ukatu egiten du: lortu nahi den helburuaren aldeko saria azpimarratu egingo du kasu horietan. Hortaz, ez dago aukera askatasunik.

Eredu hori oso presente dago hedabide masiboetan, publizitate-tekniketan eta propaganda politikoetan, besteak beste. Ikasleak zerbait egitea nahi du, eta ohitu egingo du horretara; irakasleak programatu egingo du eta atazak jakin batzuk betetzera ohituko du.

ENFASIA PROZESUAN

Ekintza-gogoeta-ekintza katean oinarritzen da eredu hau. Kasu honetan, helburua subjektuak pentsatzea da. Arazoetan oinarritutako hezkuntza eredua da: zerbait gertatu da; horrek gogoeta eragingo die ikasleei; ondorioz, zer egin hausnartu ondoren, hori berori egingo dute. Ereduak ez du onartzen ikasle eta irakasleen arteko maila desberdintasunik eta egokia da giza garapenerako. Hala ere, teknikak edo abileziak irakatsi behar direnean, ez da oso baliagarria. Hortik ondoriozta daiteke eredu hau eta aurrekoa uztartzean dagoela gakoa.

ZER DA KOMUNIKAZIOA?

Komunikazioa da kooperazio mentaleko prozesu bat, norbanako bi edo gehiago kontzientzia komun batera iris daitezen. Komunikazio horizontaleko eredu berrietan ez dago igorlerik eta hartzailerik, biak mintzaide dira, mintzaldiko kideak.

MINTZAIDEAK

Freinetek, bere esperientzian oinarrituta, ondorio hauek atera zituen: ikasleak ezagutzaz jabetzeko ezinbestekoa da mintzaide gisa instituitzea. Euren ikasketa prozesua izugarri hobetzen da produktu komunikagarriak eta ondo komunikatuak sortzeari esker. Era berean, heztea baldin bada komunikazio fluxu ugariko sare batean murgiltzea, zenbat eta fluxu kopuru handiagoa zabaltzeko gai izan, orduan eta aberatsagoa izango da sare hori.

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean

Utzi iruzkina