Artxiboak hilabeteka: azaroa 2009

Masterra, bigarren irakaspena: ez izan pentsaera bakarra

Manuel Castells-ek idatzitako Nortasunaren boterea (El poder de la identidad) liburuaren azken atala da irakurri dudan hurrengo testua. Castells izen handiko aditua da, hitzik soberan ez duen horietarikoa gainera. Sare gizartean aldaketa sozialaz hizketan hasita, gogoeta interesgarriak egiten ditu:

– Edozein gizarteri aurre egiteko daukagun tresna eraginkorrena nortasuna da, nortasun kritikoaren funtsa. Hori dela eta, gizartean kontrolpean izan nahi dutenek norbanakoen identitatea kontrolatzea dute xede. Manipulazio horrek, ordea, erresistentziazko identitateak sorrarazten ditu, gobernu eta handi-mandien isilpeko akzioen erreakzio gisa. Epe ertain-luzera, erresistentziazko identitate horiek izango dira identitate berrien oinarria, betiere kontuan hartuta tokian tokiko eta unean uneko baldintza soziokultural eta instituzionalak.

–   Botereak gizartea arautzen du oraindik. Oraindik forma ematen digu eta mendean hartuta gauzka. Gainera, egungo boterea gizartearen oinarrizko informazio kodeetan datza, horietan oinarritzen baitira norbanakoak eta instituzioak. Boterea norbanakoen buruetan dago; hortaz, norbanakoen buruak kontrolatzen dituenak boterea izango du.

– Nor dira Informazio aroaren subjektu potentzialak? Globalizazioaren, berregituraketa kapitalistaren, informazionalismo inkontrolatuaren eta patriarkatuaren erresistentziatik eratutako mugimendu sozialak. Labur esanda, sinboloen mobilizatzaileak.

– Nola adierazten dituzte euren ideiak?

a) Profeten bidez: kolektibo baten izenean hitz egingo duen iraultza sinbolikoen bozeramaileen bidez. “Onak” edo “Txarrak” izan daitezke, baina denek adierazten dituzte sinboloak eta balioak sendotzen dituzte, askotan eurak ere sinbolo bihurtzeraino.

b) Sareen bidez: mugimendu sozial berrien ezaugarri den antolaketa deszentralizatu eta interkonektatua. Ekintzak antolatu eta informazioa zabaltzen dute. Kode kulturalen benetako ekoizle eta banatzaileak dira. Sare egiturari esker, oso zaila da bere mugimenduak aurreikustea, lokalizatzea edo kontrolatzea.

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean

Masterra, lehen irakaspena: Ez isildu

Tim Robbins aktoreari egindako elkarrizketa da aztertuko dudan lehen testua. Diario de Noticias de Alavak 2009ko irailaren 30ean elkarrizketatu zuen The Actor’s Gang antzerki-konpainiaren zuzendari eta kidea, 1984 antzezlana aurkeztu baizuen Gasteizko Printzipal Antzokian.

Antzezlan baten aurkezpena izan arren, Timothy Francis Robbinsek bestelako komunikazioari buruzko gauza interesgarriak esan zituen.  1984 lanean Orwellek dioenari jarraiki, gobernuak gai dira bi ideia kontrajarri barneratzeko gizarte-masa beraren baitan; berbarako, oso zabalduta dago bakea lortzeko gerra beharrezkoa dela.  Robbinsen ustez, horri aurre egiteko modu bakarra askatasuna da, adierazpen askatasuna eta norberarena; bestela, zentsurak onartezina toleratzera garamatza. Izan ere, pentsamendu bikoitza onartzeak aukera ematen dio gobernu horri unean-unean gehien komeni zaion muturrera jotzeko. Elkarrizketagileak planteatutako galderei honela erantzun die:

–          Gero eta bideokamera gehiago dauzkagu inguruan… bada, onena dugu kamerek botererik ez dutela sinestea.

–          Kamerek delituen prebentzioa indartuko dute… orduan kameren esparrutik kanpo gertatuko dira delituak.

–          Barack Obamak osasun-sistema publikoa jarri nahi du AEBn… eta estatubatuarren %80 alde ditu. Farmaziaren arloko enpresek, ordea, dirutza izugarriak xahutzen dituzte kontrako propagandan.

–          Arteak aldarrikapenak egiteko eta injustiziak salatzeko xedea izan behar du? Arteak den bezalakoa behar du, barre egiteko balio behar du ere. Halere, artistak gizartearen isla izan behar du, publikoari gogoeta eragin behar dio.

Kazetariaren galderei erantzun gabe ere aipu azpimarragarri batzuk dauzka:

–          Jende talentutsua nahi adina dago munduan. Konstantea, etengabea, ordea, ez da hain erraz aurkitzen.

–          Egungo belaunaldiarentzako abisua da George Orwellen 1984 lana: beldurraren eta konformismoaren pandemiaz gaztigatu nahia.

–          Bideokamera eta gainerako kontrol-sistemen presentzia arazo izango da gure portaeran eragiten duen heinean.

Hau da elkarrizketa:

2 a Tim Robbins

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean

MK Masterra: Komunikazio alternatiboa

Txema Ramirez de la Piscinak testu batzuen laburpenak egiteko eskatu dit; testu guztiek lotura zuzena dute izenburuan ageri den gaiarekin. Komunikazio bide alternatiboak munduko zenbait taldek eta erakundek komunikazioaren arloan erabilitako ezohiko estrategia arrakastatsuak dira. Testu bakoitzaren laburpentxo bat jarriko dut blog honetan; lehenengoa, laster. Bitartean, aho gozagarritxo bat.

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean