Masterra, bigarren irakaspena: ez izan pentsaera bakarra

Manuel Castells-ek idatzitako Nortasunaren boterea (El poder de la identidad) liburuaren azken atala da irakurri dudan hurrengo testua. Castells izen handiko aditua da, hitzik soberan ez duen horietarikoa gainera. Sare gizartean aldaketa sozialaz hizketan hasita, gogoeta interesgarriak egiten ditu:

– Edozein gizarteri aurre egiteko daukagun tresna eraginkorrena nortasuna da, nortasun kritikoaren funtsa. Hori dela eta, gizartean kontrolpean izan nahi dutenek norbanakoen identitatea kontrolatzea dute xede. Manipulazio horrek, ordea, erresistentziazko identitateak sorrarazten ditu, gobernu eta handi-mandien isilpeko akzioen erreakzio gisa. Epe ertain-luzera, erresistentziazko identitate horiek izango dira identitate berrien oinarria, betiere kontuan hartuta tokian tokiko eta unean uneko baldintza soziokultural eta instituzionalak.

–   Botereak gizartea arautzen du oraindik. Oraindik forma ematen digu eta mendean hartuta gauzka. Gainera, egungo boterea gizartearen oinarrizko informazio kodeetan datza, horietan oinarritzen baitira norbanakoak eta instituzioak. Boterea norbanakoen buruetan dago; hortaz, norbanakoen buruak kontrolatzen dituenak boterea izango du.

– Nor dira Informazio aroaren subjektu potentzialak? Globalizazioaren, berregituraketa kapitalistaren, informazionalismo inkontrolatuaren eta patriarkatuaren erresistentziatik eratutako mugimendu sozialak. Labur esanda, sinboloen mobilizatzaileak.

– Nola adierazten dituzte euren ideiak?

a) Profeten bidez: kolektibo baten izenean hitz egingo duen iraultza sinbolikoen bozeramaileen bidez. “Onak” edo “Txarrak” izan daitezke, baina denek adierazten dituzte sinboloak eta balioak sendotzen dituzte, askotan eurak ere sinbolo bihurtzeraino.

b) Sareen bidez: mugimendu sozial berrien ezaugarri den antolaketa deszentralizatu eta interkonektatua. Ekintzak antolatu eta informazioa zabaltzen dute. Kode kulturalen benetako ekoizle eta banatzaileak dira. Sare egiturari esker, oso zaila da bere mugimenduak aurreikustea, lokalizatzea edo kontrolatzea.

Iruzkin bat utzi

Uncategorized atalean

Utzi iruzkina